XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) hemen zaukaat aldizkari bat, Grezia eta Erroma klasikoez diharduena.

Heuk ere ikus dezakek erabat higatua dagoela hainbat aldiz eskuartean erabili dudalako.

Ia buruz zakiat hemen datorren guztia.

- Nik ere kolegioan ikasi nuen Grezia eta Erroma klasikoen historia.

Interesgarria benetan.

- Bai, baina historiaren aspektu batzuk bakarrik, beste batzuez iruzur egingo ziaten, gehienoi bezalaxe.

Gure gizarte hipokrita honetan garrantzi handikoa duk autodidakta izatea.

Eta aldizkaria gain-begiratuz, jarraitu zuen:

- Dakikean bezala, legatu greko-latindarra duk gaurko gure mundu honen oinarri kultural, artistiko eta intelektuala, nolabait mendebaldar zibilizazioa kontzeptuz adierazi ohi dugunarena.

Grekoak izan zituan arte eta teknikan zinezko berritzaile eta asmalariak.

Hemen euskaldunon jatorri kultural ez greko-latindarra etorri zitzaidan burura, baina mutis egitea erabaki nuen.

- Grekoen bertuterik jasoena, munduaren eta gizakiaren edozein esplikazio teologiko edo sobrenatural kontzienteki saihestea izan zuan, alor guztiak inolako apriorismorik gabe abordatzea alegia.

Aurreko politeismoaren deizentrismotik naturzentrismora igaro zituan.

- Grekoak aparteko pentsalari eta artista sakonak izan zituan.

Bizitza harmoniko bikain batez gozatzeko, zientziak eta filosofia bezain nobletzat kontsideratzen zitean gorputzaren beharrak asetzea.

Grekoek benetako dotorezia finez kultibatzen zitean gorputza.

Ederraren maitale eta miresleak zituan.

- Bai, barkatu, Polikleto brontzistaren kanona da giza gorputz idealaren erregela nagusia eta ezagunena, bere Doriforoa estatuan mamitu zuena eten nion nire kolegioaldia harro erakutsi nahirik.

Doriforoa gazte sendo eta atletikoa da, (...)